XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) goizero ikusten zuten lehenengo gauza.

>Taulousse-Lautrec.

A la toilette: Madame Poupoule.

Emakume sasoiko bat, kilotan sobratuxea, ispilu baten aurrean: toilettea egiten ari da, eta lurrin zein krema pote batzuk dauzka aurrean.

Toulousse-Lautrec-en heldutasun aroko lan hori ez da artista frantsesaren kuadrorik ezagunena, baina horrexegatik hautatu zuten Pilarrek eta Martinek posterra:

Toulousse-Lautrec-ena zela jakinda, Pariseko artista prototipikoenaren presentzia ziurtatzen zuten; jende xeheak ezagutzen ez zuen kuadroa hautatuta, berriz, bere egiten zuten prototipoa; domestikatu; bikotearen apeta sentimentalen esanetara erakarri.

Posterrak bi gauza gogorarazten zizkion bikoteari, eta biak elkarrekin txirikordatuak daude: kuadroko neskaren itxurak beren ganbaratxotik ikusten ziren Malakoff barrideko etxe-multzo proletario burdina-hautsez herdoilduak oroitarazten zizkion.

(Parisi buruz guztiok dugun irudiaz beste ere bada bazterretan, Pilar!; Gutariko bakoitzak bere neurrira eraikitzen du Paris, Martin).

Erosotasun ekonomikoari dagokionez, eragozpen gehiago ezagutu zuen bikoteak airosotasuna baino.

Bikoteari posterrak zekarkion bigarren gogorapenak bizitza sentimentalarekin zuen zerikusia: kuadroko neskaren aurrean dauden urrin poteek Pilarrek garai hartan erabiltzen zuen urrina gogorarazten diete.

Behin, Rue Malakoff-en zebiltzala denboraren esku-soinuan, denda txiki batean sartu ziren.

Pakistaniarra zen bertako jabea, pakistaniarra zen denda hartako salgai oro.

Jaki, jantzi, pitxi, dena miatu zuen Pilarrek, harik eta urrin-botilatxo batek bere arreta bereganatu zuen arte.

Kortxoa kendu eta botilatxokoa usaindu zuen.

Gero, Martini eman zion usain zezan.

Gustatzen zaizu?.

Martinek baiezkoa egin zion buruaz, noiz almendrarena, noiz otxalarrarena, noiz larre-mahatsarena, usaina uneoro mudatzen zitzaion urrin fruitutsuari.